AdditƐDek 2027ko otsailaren 23tik 25era egingo du 10. edizioa Bilbao Exhibition Centren. Azoka, lehen aldiz, bi urtean behin egingo da, eta fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimaketaren arloan erreferentziazko azoka izango da. Fabrikazio aditiboak industrializazio- eta sendotze-prozesu erabakigarria bizi du gaur egun, eta gero eta gehiago txertatzen ari da sektore estrategikoetako produkzio-prozesuetan. Testuinguru horretan, AdditƐD otsailean egiteak hornitzaile eta erabiltzaile diren enpresei aukera emango die urteko plangintza-zikloaren hasieran elkartzeko, proiektu berriak sustatzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko.
Erakusketa esparruak sektorearen balio-kate osoko eragile nagusiak bilduko ditu: makina eta ekipoen fabrikatzaile eta banatzaileak, piezak produzitzen dituzten enpresak, materialen, softwarearen eta neurketa-teknologien garatzaileak nahiz hornidura industrialeko enpresak. Gune horrek teknologia horiek lortu duten heldutasuna, fidagarritasuna eta gaitasun industriala erakusteko aukera emango du sektore estrategiko nagusien aurrean, eta, aldi berean, produkzio-prozesuetan txertatzeko benetako aplikazioak eta soluzio berritzaileak ezagutaraziko ditu.
Erakusketa eremuaz gain, AdditƐD 2027k enpresa erakusketariei negozio-aukera berriak sortzeko aukera eskainiko die, fabrikazio aditiboko soluzioetan interesa duten erosle eta industria erabiltzaileetako profesionalekin egingo diren B2B bilerak antolatuz. Industria horien artean daude automobilgintza, aeroespaziala, defentsa, energia, siderurgia eta industria laguntzailea, baita neurrira egindako piezen eta osagaien fabrikatzaileak ere. Ekimen hori Azpikontratazio Industrialaren Europako XXII. Topaketaren barruan egingo da. Topaketa Cambra Barcelona, Bilboko Ganbera eta Bilbao Exhibition Centre erakundeek antolatzen dute, Espainiako Merkataritza Ganberen lankidetzarekin. Industriako B2B topaketa-plataforma nagusietako bat bihurtuta, topaketari esker, edizio bakoitzean, espezializazio-maila handiko mila negozio-bilera inguru antolatzen dira.
Azoka +INDUSTRY ekimenaren barruan, herrialdeko smart manufacturing arloko plataformarik handienean, egingo da. Bertan, zazpi industria-azoka osagarri bilduko dira ingurune berean: AdditƐD, BeDIGITAL, Maintenance, Pumps & Valves, Subcontratación eta weAR, WORKinn Talent Hub enplegu-foroarekin batera. Elkarrekin antolatzeak fabrikazio aurreratuaren balio-kate osoaren arteko loturak indartzea ahalbidetuko du.
AdditƐD +INDUSTRYren barruan antolatu izanak erabakiak hartzeko gaitasuna duten profesionalak erakarriko ditu funtsezko sektoreetatik, hala nola automobilgintza, defentsa, elikadura eta edariak, aeronautika eta aeroespaziala, energia, ekipamendu-ondasunak, siderurgia, kimika eta petrokimika, trengintza eta beste hainbat arlotatik.
Nazioarteko dimentsioa, gainera, ekitaldiaren elementu bereizgarria da, eta enpresa erakusketarien zein bisitarien profilean islatzen da. Azken edizioan, 2025ean, +INDUSTRYk 47 herrialdetatik iritsitako 12.120 profesional bildu zituen.
Nazioarteko merkatuei dagokienez, ordezkaritza handiena izan zuten herrialdeak honako hauek izan ziren: Frantzia, Italia, Alemania, Portugal, Erresuma Batua, Herbehereak, Belgika, Maroko, Txina, Taiwan eta Hego Korea.
AdditƐD azoka ADDIMAT, Additive Manufacturing AFM Cluster eta Bilbao Exhibition Centre erakundeek antolatzen dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta SPRI – Eusko Jaurlaritzaren babes instituzionala du, erakunde mailako bazkide gisa.

Iruzkin bat utzi