Sektorearen enpresa nagusiak Addit3D azokan egongo dira

Fabrikazio gehigarriaren eta 3D inprimaketaren inguruko azoka profesional bakarra

Azokarako oraindik hiru hilabete geratzen badira ere, fabrikazio gehigarriaren eta 3D inprimaketaren alorrean ibilbide luzea daramaten 40 enpresa inguruk, haietako 7 atzerrikoak, dagoeneko baieztatu dute ADDIT3D azokan parte hartuko dutela. Enpresa hauek erreserbatutako espazioa hasiera batean erakusketarako esleitutako azalera baino handiagoa da, beraz, sektore honetan estatuko azoka profesional bakarra dena indarra hartuz doa bere bigarren edizioan. Baieztatutako enpresa erakusketarien artean, aipagarriak dira: 3D Printing Services, Asidek, Autodesk, Cadtech Ibérica, Dynamical Tools, EDDM, EOS Gmbh Electro Optical Systems, Integral 3D Printing Experts, Materialise NV, Mizar Additive Manufacturing, Optimus 3D, Pixel Sistemas, Prodintec, Quipplan Tucker, SMD 3D Pantur eta Stratasys.

ADDIT3D 2016 azokan parte hartu zuten enpresek arrakastatzat jo zuten topaketa honen lehenengo edizioa eta, horri esker, merkataritza-kanpaina oso modu positiboan garatzen ari da. Azokak barne hartzen dituen esparru ia guztietan baieztapenak jaso dira: fabrikazio gehigarrirako eta 3D fabrikaziorako sistema- eta makineria-enpresak, ekipamenduak eta inprimagailuak, industria-aplikazioak, lehengaiak, kontsumigarriak, 3D inprimaketa-zerbitzuak, softwarea, 3D eskanerrak, I+G eta prestakuntza.

Bestalde, hitzaldien programak, ADDIMATek koordinatua, berriz ere aztertuko ditu sektorearen erronka berriak, eta produktuen balio-katea hobetzeko erantzun eta soluzio aurreratuagoak eskainiko ditu. Bertan azalduko dira abiadura handian aurrera doan alor honetako berriak eta joerak eta bertaratzen diren profesional bisitariek aukera izango dute sektore nagusietako enpresa garrantzitsuetan dagoeneko arrakastaz erabiltzen ari diren aplikazio berriei buruz ikasteko. ADDIT3D azoka orotariko enpresei zuzendua dago, bai teknologia honen hasierako ezarpen-faseetan dauden enpresei nahiz teknologia hau erabiltzen duten baina garapen aurreratuagoen edo aplikazio zehatzen bila (piezak, materialak, softwarea, diseinu-soluzioak eta CAM) dabiltzan enpresei ere.

Gainera, ADDIT3D azokan enpresen arteko kontaktu-aukerak biderkatu egingo dira Azpikontratazioaren Europar Topaketari esker. Foroa antolatzen duen taldea dagoeneko kudeatzen ari da ondorengo alorretako fabrikatzaile nagusietako I+G esparruko profesionalei helaraziko zaizkien gonbidapenak: automobilgintza, aeronautika, tren-industria eta medikuntza, guztiak baitira ADDIT3D azokan erakusgai egongo diren teknologien eta produktuen erosle potentzialak. Datu-bilketa eta -erkaketa lan zorrotz bati esker, eta topaketen programazio selektiboa dela bide, lortuko diren akordioen, lankidetza-aukeren eta proiektuen maila oso handia izango da.

Azkenik, ADDIT3D industriako beste bost azokarekin batera ospatzeak -SUBCONTRATACION, Fabrikaziorako Prozesuen eta Ekipamenduen Nazioarteko Azoka, MAINTENANCE, Mantentze Industrialaren Azoka, PUMPS & VALVES, Industria Prozesuetarako Ponpen, Balbulen eta Ekipamenduko Sistemen Nazioarteko Azoka, FERROFORMA, Burdineria, Brikolaje eta Hornidura Industrialaren Nazioarteko Azoka, FITMAQ, Aukerako eta Bigarren Eskuko Makineriaren Nazioarteko Azoka- negozioak egiteko eta jakintza hartu eta emateko gune gisa sendotuko du haren profila, eta sinergia interesgarriak sortuko ditu maila guztietan.

ADIMAT, Fabrikazio gehigarria eta 3D Teknologien Espainiako Elkarteak, eta Bilbao Exhibition Centreak antolatu dute ADDIT3D azoka, ekainaren 6 eta 8 bitartean ospatuko dena Bilbao Exhibition Centren.

-ek idatzirik |2017-02-21T12:08:07+01:0021 de otsaila de 2017|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top