Laugarren edizioan, Addit3d azokak piezen eta osagaien fabrikatzaileei eskainiko die arreta

2019ko ekainaren 4tik 6ra, beste sei azoka industrialekin batera

Piezak eta osagaiak fabrikatzeko aplikazioen hornitzaileak izango dira Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko Azokarako (ADDIT3D) erakusketariak erakartzeko kanpainaren ardatz. Azoka 2019ko ekainaren 4tik 6ra izango da, Bilbao Exhibition Centre-n. Aurreko hiru edizioen esperientziari eta ibilbideari esker, ADDIT3D laugarren edizioa prestatzen ari da; hari begira, beste urrats bat egin du erakusketa-eskaintza zabaltzeko eta, horretaz gain, nazioartean handitzeko.

ADDIT3D sektorean industriari zuzenduta dagoen ekitaldi profesional bakarra da, eta ekoizpen-prozesuek lehiakorrak izaten jarraitzeko eta bezeroen beharretara egokitutako irtenbide pertsonalizatuak bermatzeko ezinbestekoa den teknologia baten aukera zabalak ezagutarazi nahi ditu. Espainian, teknologia gehigarria ezartzeko prozesua «erdi-mailan» dago, eta, besteak beste, medikuntzako protesien sektorean, aeronautikan eta automobilgintzan erabiltzen da.

2018an, 9 herrialdetako 137 enpresak aurkeztu zizkieten azken berrikuntzak askotariko sektoreetatik bertaratu ziren profesionalei. Besteak beste, enpresa hauen ordezkariak izan ziren bertan: Airbus, CAF, Gestamp, Mercedes Benz España, Grupo Antolin eta Seat.

2016an martxan jarri zenetik ADDIT3D azokak izan duen hazkundeak ezin hobeki islatzen du zeinen garrantzitsua bihurtzen ari den fabrikazio aditiboa eta 3D fabrikazioa fabrikazio aurreratuko prozesu gisa. Duela gutxi egindako azterlan batzuen arabera, 2022an 11.000 milioi dolarreko merkatu-balioa izango du sektore horrek, eta, batez beste, % 16ko hazkundea urte horretara bitartean.

Additive Talks

Guneak konbinatzen dituenez, ADDIT3D azoka erreferentziako ekitaldi bihurtu da, batetik, Additive Talks delakoetan, teknologiak aplikatzen izan diren arrakasta kasuak eta jardunbide egokiak ezagut daitezkeelako eta, bestetik, erakusketa eremuan, aplikazio horiek zuzenean ikus daitezkeelako.

Hornitzaileek eta erabiltzaileek beren esperientziaren berri emango diete bertaratzen direnei. Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Teknologien Espainiako Elkarteak (ADDIMAT) prestatu du egitaraua, eta hitzaldi ugari izango dira.

«Azokak gehitzen, industria sortzen»

+ Industry plataformaren goiburua da, baita 2019ko ekainaren 4tik 6ra Bilbo Exhibition Centre industriaren topagune handiena bihurtuko duten zazpi azoken baturaren izena ere. Horrela, ADDIT3D azokarekin batera, hauek izango dira: SUBCONTRATACIÓN, Fabrikaziorako Prozesu eta Ekipamenduen Nazioarteko Azoka; IT by FERROFORMA, Industriarako Erreminten eta Horniduren Nazioarteko Azoka; MAINTENANCE, Mantentze Industrialaren Nazioarteko Azoka; PUMPS & VALVES, Industria Prozesuetarako Ponpen, Balbulen eta Ekipamenduko Sistemen Nazioarteko Azoka; BeDIGITAL, Industriarako 4.0 Irtenbideak eta Erremintak; eta FITMAQ, Aukerako eta Bigarren Eskuko Makineriaren Nazioarteko Azoka.

ADDIT3D beste sei azoka horiekin batera egingo denez, parte-hartzaileek industria-eremu zabal bat izango dute teknologia honen bezero potentzial gisa interes handikoak diren beste enpresa batzuekin zuzenean harremanetan jarri ahal izateko; besteak beste, industriarako balio erantsi handiko pieza eta osagaien fabrikatzaile azpikontratistak diren ETEekin, erreminta, sarraila, makina laguntzaile eta industri horniduren fabrikatzaileekin, eta mantentze-lan industrial aurreratuak eskaintzen dituzten enpresekin.

-ek idatzirik |2018-11-05T12:18:14+01:005 de azaroa de 2018|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top