Fabrikazio gehigarriaren sektoreko marka nagusiak 2019ko ADDIT3D azokan izango dira

Azokaren laugarren edizioa 2019ko ekainaren 4tik 6ra izango da

Industrian aplikatzen den fabrikazio gehigarriaren nazioarteko marka handiak 2019ko ADDIT3D azokan izango dira ekainaren 4tik 6ra, Bilbao Exhibition Centre-n. Erakusketarien artean, firma handiak izango dira (esaterako, HP, SLM Solutions, Stratasys, EOS eta TRUMPF), baina baita lehen mailako enpresak ere (adibidez, Dynamical Tools, Addilan, Optimus 3D, Hage eta Sicnova). Sektoreko berritasun interesgarriak ezagutaraziko dituzte, nagusiki kategoria hauei dagozkienak: «sistemak eta makineria», «aplikazio industrialak» eta «materialak».

Topaketa hau fabrikazio gehigarriari eta 3D inprimaketari buruzko Estatuko azoka profesional industrial bakarra da, eta bertaratzen direnen profil profesionala askotariko sektoreekin erlazionatuta dago; besteak beste, hauekin: aeronautika, automobilgintza, tren-industria, industria tresneria, makina-erreminta, moldeak, energia, ontziratzea eta enbalajea, eraikuntza eta arlo mediko-kirurgikoa. Sektore horietako asko dagoeneko teknologia horiek barneratzen ari dira, baita serie-fabrikazioan ere, eta aplikazio industrial osoak ari dira lantzen. Gaur arte, bisitari gisa erregistratutako enpresen zerrendan, hauek nabarmentzen dira: CAF, Bombardier, European Holding, Mercedes Benz España, EvoBus, Grupo Gestamp, Grupo ITP, Patentes Talgo, Aernnova, Alestis Aerospace, Grupo Volkswagen – Seat, DanobatGroup, Lab. Dental Lamberti, Creaciones Dentales Van Nood eta Osteophoenix.

Laugarren edizioan, ADDIT3D azokak, erakusketa-eremuaz eta produktua aurkezteko eremuaz gain, biltzarrak ere izango ditu, eta informazioa biltzeko, teknologiak eta merkatuak analizatzeko, aukerak aztertzeko eta nazioarteko sustapena bultzatzeko eremu bihurtuko da. Sektorea bizitzen ari den garapen handiaren isla da azoka; izan ere, aurreikuspenen arabera, sektore horren hazkunde-tasa % 20,6koa izango da 2022ra arte.

Horrela, biltzarren eremuan, Fabrikazio Aditiboko eta 3D Inprimaketako Teknologien Espainiako Elkarteak (ADDIMAT) koordinatuta, Additive Talks izenekoak izango dira aurten ere. Haietan, sektorearen erronka handiak, berritasunak eta joerak aztertuko dira, eta produktuen balio-katea hobetzeko erantzun eta irtenbide berritzaileak eskainiko. Horretarako, sektoreko punta-puntako enpresetako ordezkariek beren ezagutza partekatuko dute hitzaldietan, baita arlo honetan izandako arrakasta-kasu praktikoei buruz duten esperientzia ere. ADDIT3D azoka orotariko enpresei zuzenduta dago, bai teknologia honen hasierako ezarpen-fasean dauden enpresei, bai teknologia hau erabiltzen duten baina garapen aurreratuagoen edo aplikazio zehatzen bila (piezak, materialak, softwarea, diseinu-soluzioak eta CAM) dabiltzan enpresei.

Erakusketaz gain, industriarako fabrikazio-prozesuei eta hornigaiei buruzko nazioarteko topaleku handiena bihurtuko da Bilbao Exhibition Centre 2019ko ekainean. Aparteko gune horretan, ibilbide interesgarri bat egin ahal izango dugu aldi berean egingo diren nazioarteko azoketan zehar: INDUSTRY TOOLS by FERROFORMA, Industriarako Erreminten eta Horniduren Nazioarteko Azoka; SUBCONTRATACION, Fabrikaziorako Prozesuen eta Ekipamenduen Nazioarteko Azoka; PUMPS & VALVES, Industria Prozesuetarako Ponpen, Balbulen eta Ekipamenduko Sistemen Nazioarteko Azoka; MAINTENANCE, Mantentze Industrialaren Azoka; BeDIGITAL, teknologia digitalak industrian aplikatzeari buruzko ekitaldia; eta FITMAQ, Aukerako eta Bigarren Eskuko Makineriaren Nazioarteko Azoka Bertan, oso bisitari espezializatuek eta mundu osoko 1.400 enpresa erakusketarik baino gehiagok hartuko dute parte.

-ek idatzirik |2019-02-22T13:06:03+01:0022 de otsaila de 2019|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top