“Sektoreari lehiakor izaten ahalbidetzen dieten inbertsio, berrikuntza, prestakuntza eta nazioartekotze prozesuak laguntzen jarraitzea da gure konpromisoa”. Hitz horiekin inauguratu du Iñigo Urkullu Lehendakariak BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Bienalaren 32. edizioa, Bilbao Exhibition Centren. Gaur hasi eta ekainaren 7ra arte luzatuko da hitzordu industriala.
“Euskal ekonomia hazten ari da: euskal ekonomiaren termometroak hazkunde-eremu sendoan kokatzen gaitu, eta industria-ekoizpenak sektorearen aurreikuspenak hobetzen ditu. Atzo, Eustatek argitaratu zuen Euskadiko makina-erremintaren sektoreak 888 milioi euro esportatu zituela 2023an. Serie historikoaren errekorra da hori. Sektore hau erronka teknologiko bikoitzaren aurrean erantzuteko gaitasun handia duela erakusten ari da: digitala eta energia- eta ingurumen-arlokoa “, adierazi du Lehendakariak irekiera-ekitaldian.
Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburu eta BECeko presidenteak adierazi duenez, “gaur ireki dira Euskadiko industria-azoka handienaren ateak”. “Harrotasunez, ilusioz eta pasio handiz egin dugu. Euskadi, gaurtik eta ekainaren 7ra arte, bertan eta nazioartean eragina izango duen erakusleiho industriala izango da. Industria da gure ekonomiaren motorra eta makina-erreminta gure DNA industriala. Horregatik, Bienalarekin, enpresa, profesional, erakunde eta komunikabideentzako etxe industriala bihurtzen da BEC. Jasangarritasun- eta deskarbonizazio-irizpideei ere erreparatzen dieten irtenbideak. Baina hitzordu honetan pertsonak izango dira protagonista. Talentuaren sorkuntzan eta etorkizuneko profesionalak erakartzeko formuletan sakonduko da”.
Bere aldetik, Rebeca Torró Industriako Estatu idazkariak goraipatu egin du euskal enpresek “berrikuntzaren eta talentuaren prestakuntzaren alde egiten duten apustua”. Eta azpimarratu du “Estatuan eta industria arloan erreferente bihurtu” dela euskal enpresen apustu hori. Gainera, lankidetza publiko-pribatuaren estrategia nabarmendu du, “Espainiako Gobernuak bultzatutako ibilbide-orriarekin bat datorrena”. Hala, azaldu du Industria Ministerioak 17 milioi euro bideratu dituela Makina Erreminta Modernizatzeko Plan Espezifikoaren bidez, eta horietatik 6 milioi baino gehiago EAEko enpresa txiki eta ertainei eta industriei esleitu zitzaizkiela. Halaber, gogorarazi du ekainean bertan Ministerioak dirulaguntzen hurrengo deialdia abiaraziko duela, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Enpresa Talde Berritzaileei laguntzeko. Makina-erremintaren sektorearen modernizazioa bultzatzeko neurri hori ia 10 milioi eurokoa izango da.
José Pérez Berdud AFMko presidenteak adierazi duenez, “Estatuan parekorik ez duen ekitaldia inauguratu dugu, manufacturingaren mundua mugiarazten duen azoka. Espainiako industria-azokarik handiena da, alde handiarekin. AFM Cluster harro dago fabrikazio aurreratuaren ekosistema osatzen duten jarduera guztiak ordezkatzeaz, eta ekosistema horren parte da BIEMH ere. Oso pozgarria zaigu daukagun ahalmen ikaragarria mota honetako azoka nazioarteko batean ager daitekeelako”.
AIMHEko presidente Jose Ignacio Ortiz de Urbinak ziurtatu duenez, “gure enpresek lehen mailako fabrikatzaileak ordezkatzen dituzte eta horiekin lan egiten dute. Horien eskaintzak tokiko eskaintza osatzen eta aberasten du, eta, gainera, industria indartzen du, zalantzarik gabe sektore estrategikoa baita gure ekonomiarentzat eta ongizatearentzat. Prest gaude gure produktuak eta zerbitzuak industriaren eraldaketarako palanka gisa balio duten berrikuntza teknologiko guztiekin erakusteko. Ilusioz gainezka gaude BIEMHren edizio berri honi ekiteko”.
Inaugurazio-ekitaldian izan dira, halaber, Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Diputatu Nagusia; Amaia del Campo, Barakaldoko alkatea; Josu Iñaki Erkoreka, lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburua; Ana Otadui, Batzar Nagusietako presidentea; Juan Mª Aburto, Bilboko alkatea; BECeko kontseilari Ainara Basurko, Itxaso Berrojalbiz, Carlos Alzaga, Joseba Inchaurraga eta Xabier Ochandiano; José Ignacio Zudaire, Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea; Mª Carmen Gorostiza, BIEMHko Event Managerra; Xabier Ortueta, AFM Clusterreko zuzendari nagusia; eta Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusia.
Inaugurazio ekitaldian 4 robotek hartu dute parte eta ohorezko agurra jo dute txalapartarekin; elkarrizketa musikal zirraragarria sortu dute beraiekin zeuden bi musikarirekin batera. Euskal kultura tradizionalak eta garapen teknologikoak batu dituzte indarrak eta artea, #BIEMH2024 ikuskizun industrial eta teknologikoari hasiera emateko.
BIEMHek orain arteko ediziorik dinamikoena eta nazioartekoena aurkeztu gu horrela, gaur bertan. 29 herrialdetako 1.600 enpresa erakusketari baino gehiagorekin eta 3.500 produktu eta zerbitzu baino gehiagorekin, BIEMH 2024k martxan dagoen makineria handia izango du protagonista eta, aldi berean, industriari lotutako beste hiru ekitaldi hartuko ditu: ADDITƐD, BeDIGITAL eta WORKinn Talent Hub. Lehen mailako industria-erakusleihoa da BIEMH, datuek adierazten duten bezala.

Iruzkin bat utzi