BIEMH eta ADDIT3D aurkeztuak izan dira

Inicio BIEMH eta ADDIT3D aurkeztuak izan dira

BIEMH eta ADDIT3D aurkeztuak izan dira

Fabrikatzaile, inportatzaile, banatzaile eta erosle nagusiak BIEMH-Makina Erremintaren Biurtekoaren azkenaldiko ediziorik onenean bilduko dira maiatzaren 30etik ekainaren 4ra. Gure herrialdeko topaketa industrial handia indartsu dator aurten: hogeita hamar bat herrialdetako 1.533 enpresa erakusketari izango dira, hala nola 2.605 produktu eta tamaina handiko 1.163 makina martxan, eta gutxi gorabehera 36 milioi euroko eragin ekonomikoa izango du.

Azken berrikuntza teknologikoak negozio-aukera bihurtuko dira BIEMHen, merkatu nagusietako milaka profesional izango baitira bertan. Azokak, hala, industriaren suspertzeari lagunduko dio, funtsezko gakoen berri emango duen heinean makina produktiboetan inbertitzeko eta berauek modernizatzeko proiektu berriak garatzeko.

Horrez gain, eta fabrikazio gehigarriarekiko konpromisoa sendotzeko, BIEMHekin batera ADDIT3D azoka egingo da, alegia, fabrikazio gehigarriari eta 3Dri eskainitako lehen azoka profesionala. Bestetik, WORKinn-en lehenengo edizioa egingo da, eta bertan lan-proposamen zehatzak eta prestakuntzari begirakoak topatu ahal izango dituzte esparru industrialarekin loturiko ikasleek eta lana aktiboki bilatzen ari diren profesionalek, maiatzaren 31tik ekainaren 3ra. Aste horretan bertan, Bilbao Exhibition Centrek beste eduki batzuk gehituko ditu Oil&Gas Conference eta Maintenance Innovation Conference azoketan, maiatzaren 31tik ekainaren 1era eta 2tik 3ra, hurrenez hurren, azoka-esparrua erakargarri industrial izugarria bilakatuta.

BIEMH Bilbao Exhibition Centrek eta AFM-Advanced Manufacturing Technologiesek antolatuta dago, eta Eusko Jaurlaritzaren eta  AIMHE-Makina Erremintaren Inportatzaileen Elkartearen laguntza dauka.

BIEMH 4.0: FABRIKAZIO ADIMENDUNAREN ORAINA ETA ETORKIZUNA

29. BIEMHeko protagonistak “smart solutions” deritzenak izango dira, eta erantzun berriak eskainiko ditu 4.0 industriaren erronkak ulertzeko. Horietan nagusituko diren kontzeptuek lotura izango dute “Internet gauzetan” aplikatzearekin, errobotika kolaboratiboarekin, errealitate birtual eta handituarekin eta prozesu konplexuen automatizazio, kontrol eta monitorizazioarekin. “Fabrikaziorako fabrikazio-azoka” izango da, eta oraina eta etorkizuna uztartuko ditu sistema adimendun hiperkonektatu eta malguei dagokienez neurrirako konponbideak eskaintzeko.

Erakusketa-eremua, Bilabo Exhibition Centren aurreikusitako gehieneko azalera hartuko duena, ondoko sektoreetako enpresen artean banatuko da: abiorako makineria (% 22), deformazio bidezko makineria eta txapa-mozketa (% 12), erremintak (% 12), osagarriak (% 10), osagai hidraulikoak eta pneumatikoak (% 9), errobotika eta automatizazioa (% 9), metrologia eta kalitate-kontrola (% 5), ekoizpen eta fabrikaziorako softwarea (% 4), ekipo elektriko eta elektronikoak (%4), soldadura (% 3), zerbitzuak (% 5) eta bestelako makinak (% 5)

1. pabiloian, era berean, abioko, metrologiako, CAD/CAM eta softwareko enpresak izango dira; 2.ean, abiokoak, ADDIT3D, abioa, errobotika eta soldadura; 4Bn, osagarriak, osagaiak eta IKTak; 5.ean, txapa-deformazioa; eta, azkenik, 6.ean, osagarriak, osagaiak eta erremintak.

ENPRESA ERAKUSKETARIEN % 59 ATZERRITARRAK

27 herrialdetako enpresak erakutsiko dituzte beren ekipoak, produktuak eta zerbitzuak BIEMHen; hala, barne-eskariaren egungo susperraldiaz baliatuko dira. Ondorioz, azokaren nazioartekotzea sendotu egin da, izan ere, enpresa erakusketarien % 59 atzerritarrak izango dira: Italia, Frantzia, Alemania, Portugal eta Taiwangoak nabarmenduko dira, baina, besteak beste, Txekiar Errepublika, Suitza, Txina, Turkia, Bulgaria, Belgika, Holanda, Austria, Danimarka, Argentina, AEB eta Suediatik ere etorriko dira.

Enpresa horientzat, BIEMH erakusleiho aparta izango da beren produkturik onenak estatuko profesionalei erakusteko, baita Europako edo Hego Amerikako merkatuetakoei ere. Nazioarteko zirkuitu zabalagoetara iristeko aukera, BECek garaturiko nazioarteko erosleen programari esker, BIEMHeko erakusketariek gehien balioesten dituzten alderdietako bat da.

BERRITASUNAK ETA MAKINA HANDIAK ERAKUSLEIHO BAKARREAN

Erakusketariek beren teknologiarik berriena jarriko dute ikusgai BIEMHen, eta zuzenean eta modu errazean erakutsiko dituzte konponbide oso berritzaileak enpresei beren lehiakortasuna hobetzen jarrai dezaten laguntzeko. 2.605 produktu bilduta, horietatik 1.163 martxan izango dira, azoka berriro bihurtuko da punta-puntako enpresen fabrikazio gehigarriaren esparruko berritasun eta joeren erakusleiho bikaina.

Hain zuzen, enpresa oso berritzaileak eta balio erantsi handiko produktuak dituztenak azokan izateak bihurtu du BIEMH Europako hitzordurik garrantzitsuenetakoa, eta horixe islatu nahi izan du aurtengo leloak: “You make it big” (Zuk egiten duzu handi).

Aurtengo makina handien eta berritasun nabarmenen artean, ondokoak izango dira: “TruBend 7036”, TRUMPFena, modelo eredugarria gizakiaren eta makinaren arteko batasunerako; aurrera egiteko abiadura handiak, lan-baldintza onekin batera, tolesteko makina honen produktibitate orokorra areagotzen du; “Thor World Premiere”, TECOIrena, mekanizaziorako potentzia handiko makinaren kontzeptu berria, zulatzeko kalitate-maila handiarekin eta neurri ertain eta handietarako gaitasun apartarekin diseinatua; “LG-1000 Artezteko Makina Berria”, DANOBATena, gama horretako modelorik handiena, konplexutasun handiko piezak ekoizteko sortua, esaterako, mozteko erremintak, doitasun-osagai hidraulikoak eta automobilgintzako piezak; “Geminis GT7/R” tornu berria,  GORATUrena, ardatza eta gurpil muntatuak mekanizatzeko, Geminisen tornu horizontalen gamako azkeneko berrikuntza trenbideen sektorerako; “FO 3015 M2 Laserra”, AMADArena, FO laserraren hirugarren belaunaldia, konponbide oso indartsu eta moldakorra, material desberdinak doitasun eta eraginkortasun gorenaz prozesatzeko gai; “SPRINT 32|8 Tornu Automatikoa”, DMG Morirena, bereizgarri ditu lan-eremuaren diseinu komenigarri eta funtzionala, erreminta motorizatuekin batera eta Y ardatza torloju nagusian, eta baliagarria da aplikazio-mota orotarako, hagatxoak zein 25 mm-ra bitartekoak torneatzeko automobilgintzaren industrian, hidraulikoan, elektronikoan eta medikuntzaren sektorean; “THC 12 Multiprocess”, IBARMIArena, fresatzeko eta torneatzeko zentroa, forma ematen diona etengabeko bilakaeran dagoen etorkizunari; petrolioaren sektorean zulatzeko eta zundatzeko tutuen mekanizatuan eta hariztaketan espezializaturiko tornua,  GURUTZPErena.

BIEMHeko Erakusketarien Direktorioa 2018ra arte egongo da ikusgai, eta informazio interaktiboa eskainiko du sektoreko enpresa nagusiei buruz, haien produktuen deskribapen teknikoekin, berritasunen xehetasunarekin, berriak, irudiak, material multimedia eta agente eta banatzaileak bilatzeko iragarkiak barne.

BIEMH, MILAKA BISITARI PROFESIONALEN AGENDAN

Makina-erremintaren industriak funtsezko papera dauka ekonomiako sektore garrantzitsuetan. Hori dela-eta, besteak beste, automobilgintza, ekipo-ondasunak, burdingintza, aeronautika, energia, trenbideak eta ontzigintzaren sektoreetako milaka profesional hurbilduko dira Bilbao Exhibition Centrera hainbat tokitatik. Askok dagoeneko eman dute izena azokan parte hartzeko; beste batzuek, ordea, zuzenean hartuko dute parte maiatzaren 30etik aurrera.

Nazioarteko bisitarien atalean, protagonismo berezia dauka erosleen programak. BIEMHek, programa horretan, ordezkaritzen bisitak antolatzen ditu, eta ordezkaritzok osatzen dituzte batez ere erakusketariek euren makineria eta produktuak erosteko duten interesagatik aukeraturiko gerente, enpresa-jabe eta erosketa-zuzendariek. Edizio honetan, 28 herrialdetako 310 profesional gonbidatuk hartuko dute parte, besteak beste, Alemania, Txina, Kolonbia, Estatu Batuak, Frantzia, India, Japonia, Italia, Mexiko, Portugal, Turkia, Aljeria, Maroko eta Tunisiakoek. Programa hori garatzen da Eusko Jaurlaritzako Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia-SPRI Taldearen Bulego sarearen eta BECeko agenteen arteko lan koordinatuari esker, atzerrian dauden Espainiako Merkataritza Ganberen lankidetzarekin batera.

Gainera, azokaren talde antolatzaileak estatuko erosle estrategikoen bisita errazteko ekintzak sendotu ditu, horretan ere erakusketarien jarraibideak kontuan hartuta. Horri esker, besteren artean, Aerotecnic Metallic, Indaisa, Inoxforma, Tecfluid edo Ziacom enpresen arduradunek gonbidatu berezi gisa hartuko dute parte azokan.

AZOKA OSO DINAMIKOA, BERRIKUNTZA PROTAGONISTA

BIEMH oso azoka dinamikoa izango da, gune ugari izango baititu elkarreraginean aritzeko eta produktu, berrikuntza eta merkatu-joera interesgarrienak oso modu desberdinetan ezagutzeko. Atal honetan, jarduera-egitaraua gailentzen da, eta hor nabarmentzen da AFMk, BECen eta BEAZen laguntzarekin, antolaturiko Berrikuntzaren 12. Sari Nazionalen banaketa.

Sariek makina-erremintaren, osagaien, osagarrien eta erreminten alorretako berrikuntzak aitortuko dituzte, baita fabrikazio gehigarriarekin eta 4.0. industriaren kontzeptuak txertatzearekin loturikoak ere. Azken bi alderdiok indartsu sartu dira industria-ekoizpenaren panoraman, hortaz, sarian bi kategoria berri sortu dira horretarako. Aurten, sarirako hautagaiak Danobatgroup, Ibarmia, Industrial Augmented Reality, Madaula, Metrología Sariki, Mizar Additive Manufacturing, Nicolás Correa, Soluciones Sicnova, Trimek, Veedor Solutions eta Zayer enpresak izango dira.

ADDIT3D, FABRIKAZIO GEHIGARRIARI ETA 3D-RI ESKAINITAKO EKIMEN AITZINDARIA 

ADDIT3D fabrikazio gehigarriari eta 3Dri eskainiko zaion Espainiako lehenengo erakusketa profesionala izango da, eta BIEMHekin batera egingo da. Foro horren bitartez, antolatzaileek, Bilbao Exhibition Centrek eta Addimatek, beste urrats bat emango dute fabrikazio aurreratuarekin duten konpromisoan, dagoeneko jarduera industriala goitik behera aldatzen ari diren teknologien erreferentzia-gunea eskainiko duten heinean. ADDIT3D ekimen aitzindaria da, sektore horri eskainiko zaion lehenengo foroa.

ADDIT3D azokako erakusketa-eremuan, makineria, aplikazio industrial, material eta ikerketaren arloko 84 enpresa izango dira guztira. Horrez gain, erakusketa-eremuan hitzaldi eta jardueren egitarau zabala eskainiko da, dibulgaziozko alderdia eta teknikoa produktu eta aplikazio berritzaileen aurkezpenekin uztartuta. “Paradigma-aldaketa piezen fabrikazioan”, “3D inprimaketa eta aplikazioak sektore estrategikoetan” eta “3D inprimaketa iritsi da industria aeronautikora” gaien arabera antolaturiko atalei esker, bertaratuek hainbat ikuspuntutatik ezagutu ahal izango dute fabrikazio gehigarria, baita barne hartzen duen guztia eta eskaintzen dituen askotariko abantailak ere.

Teknologia horiei eskainitako berariazko eremua sortu izanak erantzuna eman dio enpresen nahiari, alegia, haien abantaila lehiakorrak sendotze aldera 4.0. manufakturaren garapenean aurrera egin ahal izateari. Azokan, fabrikazio gehigarria euren prozesuetan txertatzen hasiak diren enpresek zein aplikatzeko orduan garapen-maila handiagoa lortu dutenek erantzunak eta konponbide berriak topatuko dituzte beraien balio-kate osorako.

BIEMHen inaugurazio ofiziala, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren eskutik, maiatzaren 30ean, astelehenean, izango da, goizeko 11:00etan.

Ordutegia: astelehenetik ostiralera 9:30etik 18:00etara eta larunbatean 9:30etik 15:00retara.

Komunikazio saila, 2016ko maiatzaren 24an

By |2016-05-24T16:47:47+01:00May 24th, 2016|Albistea|0 Comments

Leave A Comment